berria.info

Asteartea, 2012ko martxoak 13a.

Grosek ez du huts egin azken jardunaldian, eta Ohorezko Maila irabazi du.

Ruslan Ponomariov munduko txapeldun ohiak Donostiako taldearekin jokatu du Conteneoren aurka.

 

Josu Tornay.

 

Gros taldeak irabazi du Euskadiko Ohorezko Mailako Xake Liga. Donostiako taldeak 4-0ekoa behar zuen iragan asteburuan azken jardunaldian, eta ez zion aukerarik eman Bilboko Conteneoni. Bigarren sailkatua Naturgas-Sestao izan da, txapeldunengandik puntu erdira, eta hirugarren Gasteizko Ruta de Europa. Titulua arrakasta handia da Grosentzat, etxeko jokalariekin aritu baitira, eta une jakinetan bakarrik erabili dituzte izen handiak.

Une jakin horietako bat iragan asteburuan Sestaon jokaturiko azken jardunaldia izan zen. Grosen izenean Ruslan Ponomariov munduko txapeldun ohia, Hicham Hamdouchi marokoarra, Alejandro Franco eta Santi Gonzalez aritu ziren. Laurek ondo bete zituzten lanak, eta harrigarria izan zen Ponomariovek nola irabazi zion Pia Cramling maisu handi suediarrari. Txapeldun ohiak pixkanaka eta gauza handirik egin gabe irabazi zion Cramlingi. Bere aldetik Naturgas-Sestaok ere ez zuen hutsik egin, eta 4-0 irabazi zion Irungo Batallari.

Hirugarren posturako lehia ere estua izan zen, eta Ruta de Europak kostata eutsi zion Altzaga Leioari: 2,5-1,5 irabazi zuen. San Viator izan da laugarren, gasteiztarrengandik puntu erdira. Azken jardunaldian 3,5-0,5 irabazi zion Iruñeko Orvinari, baina ez zen aski izan. Jaitsiera postuei dagokienez, Bilboko Zuri-Baltzak emaitza konbinazio zaila behar zuen mailari eusteko, baina Easoren aukako 3-1ekoari esker beste urtebetez jarraituko du Ohorezko Mailan. Easo eta Altzaga Leioa, berriz, mailaz jaitsi dira.

Jaitsitakoen tokia Iruñeko Donibanek eta Zornotzak beteko dute heldu den urtean. Lehen Mailan Sestao-Naturgas B sailkatu da lehenbizi, baina bigarren taldea denez, ezin da igo. Donibanek, bere aldetik, mailaz igotzea ziurtatua zuen azken jardunaldiaren aurretik. Gauzak hala, beste postua Zornotzako eta Arrasateko taldeen arteko kontua zen. Azken jardunaldian bizkaitarrek 2,5-1,5 irabazi zuten, Sustapen Kulturalaren aurka; gipuzkoarrek, berriz, 1,5-2,5 galdu zuten Donibaneren kontra.